KOMUNIKAZIO SISTEMA
Marrazketa librea eta haurrek burutzen dituzten obra plastiko oro komunikazio sistema gisa ulertu behar ditugu, besteak beste, irakaskuntzaren maila guztietan ezaugarri honetan agertzen direlako: “Lehen Etapako Arte Adierazpideari dagokion arloa “Mintzaira” arlotzat jotzen da, hau da, edozein mintzairak bezalaxe, erabilia gertatu ahal izateko berariazko kodeak daramatzan giza adierazpide eta komunikabidetzat”(Eusko Jaurlaritza: 1992 b, 167).
Honek suposatzen du marrazki edota obra plastiko hauek kode baten arabera eginak direla, hots, arau multzo bat kontuan harturik burutuak izaten direla. Hauek arautu xamar dagoen kate baten arabera edo pertsonalki sorturikoak izan daitezke. Lehenengo kasuan errepresentazio-sistemak (perspektiba, kasu) daude eta baita ustez hain araututa ez dauden beste batzuk ere, marrazki estereotipatuak eta askotan gizartearen zein helduen eraginez, tamalez, jasotzen direnak: testu-liburuetan eta margotzeko liburuetan agertzen direnak, edota helduek “irakasten” dituztenak: “horrela egiten da etxe bat” eta honen gisakoak.
Bigarren kasuan, pertsonalki sorturiko kode baten araberakoak, kodea librea eta moldakorra da, egin nahi denaren arabera egokitua eta berezko mundu-ikuskera sortzen duena. Beste hizkuntzekin (ahozkoa, idatzizkoa) ez bezala, haurrek ez dute traba handirik euren ikuskera plastikoki adierazteko, (ezta berau aldatzeko ere).
Eta hau guztia ahalbideratzeko ezinbestekoa da testuingurua kontuan hartu eta zaintzea:
ikas-gelako giroa, tresnen eta materialen aukera, erreferentzia plastikoak, kultur mailakoa, ikasleen artean kezka nagusiak,... azken funtsean, obrari zentzua ematen dioten baldintzapenak, gizakia korapilatsua den etengabeko erlazio- munduan hazi eta hezitzen baita. Gure eginbeharra azken finean, komunikazio ahalmen plastikoak garatzen laguntzea izango da, bere buruarengan
ahalik eta konfidantza handiena izan dezan.
Etiquetas: irakasten, marrazketa librea, obra plastiko, perspektiba
0 comentarios:
Publicar un comentario
Suscribirse a Enviar comentarios [Atom]
<< Inicio